Gazteaval
Gazteei eta berrogei urtetik beherako pertsonei lehen etxebizitza erosteko abal programa.
BERMEA, LEHEN ETXEBIZITZA
Helburua
Gazteen emantzipazioa eta 40 urtetik beherako pertsonei Euskadin ohiko lehen etxebizitza eskuratzea erraztea.
Onuradunak
Azken 5 urteetan gutxienez 2 urtez Euskadin bizi izan diren berrogei urtetik beherako pertsonak, baldin eta lehen etxebizitzaren balioaren % 80tik gorako finantzaketa behar badute erosteko beharreko aurrezpena ez izateagatik.
Baldintza nagusiak
Eskatzaileei dagokienez:
- Eskuratzaileetako batek ondasun higiezinen bat badauka eskaera aurkezten denean, edo aurretik eduki badu, baldintza ondo betetzen duela joko da, inguruabar hauek gertatuz gero:
- Lehendik zeinahi eskuratze-moduren bidez (kostu bidez zein kostu gabe) beste etxebizitza baten jabe direnek ezin izango diote heldu programari. Bi eskatzaile izanez gero, baldintza hau biek bete beharko dute, bakoitzak bere aldetik.
- Abalak bermatzen duen finantzaketa, ezinbestean, lehen etxebizitza (berria zein erabilia) eskuratzeko erabili beharko da, eta etxebizitza horrek ohiko bizileku iraunkorra izan beharko du.
- Frogatu behar dute azken bost urteetako bi urtetan gutxienez legezko bizilekua Euskal Autonomia Erkidegoan eduki dutela. Etxebizitza pertsona batek baino gehiagok eskuratuz gero, gutxienez batek bete behar du baldintza hau.
- Adin-nagusikoak izan behar dute baina 40 urtetik beherakoak, eskaera aurkeztean. Etxebizitza pertsona batek baino gehiagok eskuratuz gero, denek bete behar dute baldintza hau.
- Bi eskuratzaile baino gehiago ezin dute izan.
- Eskubidea higiezinaren zati alikuota baten gainekoa baldin bada, besterik ez, eta jarauntsi bidez edo testamenturik gabeko mortis causa eskualdaketa baten bitartez eskuratutakoa bada.
- Frogatzen badute etxebizitza ez daukatela erabiltzeko moduan, banantzea edo dibortzioa dela-eta edo beraren borondatearen esku ez dagoen arrazoiren bategatik, edo etxebizitza eskuraezina bada titularraren edo bizikidetza-unitateko beste norbaiten desgaitasunagatik.
- Higiezina infraetxea bada, alegia, ez baditu betetzen gutxieneko bizigarritasun-baldintzak, dekretu honetan ezartzen direnak: 80/2022 Dekretua, ekainaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien gutxieneko bizigarritasun-baldintzak eta diseinu-arauak arautzen dituena.
- Baldin eskuratutako etxebizitza babestuta badago, onuradunak etxebizitza babestua eskuratzeko legez ezarritako baldintzak ere bete beharko ditu.
- Etxebizitzaren eskuratzaileen urteko diru-sarrerek ezin dute 52.012,80 eurotik gorakoak izan, norbanako bakar batek eskuratuz gero, edo 89.164,80 euro baino gehiago, bik eskuratuz gero.
- Ezin dute eduki zorrik epe exekutiboan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin ez horren sektore publikoarekin. Salbuespena: zorra geroratuta edo zatikatuta egotea edo exekuzioa etenda.
- Ezin dute eduki dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik ez penalik, ez eta horretarako desgaitzen duen lege-debekurik ere.
- Ezin dira egon Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean zehazten diren inongo egoeratan eta ezin dira Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan arautzen diren hautapenezko inongo kargutan egon, xedapen horietan ezartzen denarekin bat etorriz.
- Ezin dute eduki berandutzerik CIRBEn (Espainiako Bankuko Arriskuen Informazio Zentrala), hipoteka-mailegua ematen den egunean. Bi eskuratzaile egonez gero, baldintza hau biek bete beharko dute.
- Ezin dira egon Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan adierazitako ezein egoeratan.
- Finantzatutako etxebizitza bi pertsonak eskuratuz gero, biak agertu beharko dute mailegu-hartzaile moduan mailegu abaldunean.
Etxebizitzari dagokienez:
- Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean eraikita egon behar du.
- Abala etxebizitza berria zein bigarren eskukoa eskuratzeko izan daiteke.
- Etxebizitzaren eskuratze-prezioak, mailegu abaldunarekin finantzatutako eranskinen eskuratze-prezioa gehituta (eranskinik egonez gero) eta eskuratzeak eragindako gastuak eta zergak alde batera utzita, hirurehun eta berrogei mila euro (340.000,00 €) edo gutxiago izan beharko du.
- Etxebizitzaren eskuratze-datak FEIk eta mailegua ematen duen finantza-entitateak programari atxikitzeko hitzarmena sinatu duten egunaren ondokoa izan beharko du.
Kostu finantzakorrak
FEIren abalek, finantza entitateak ematen duten ondasun higiezinaren balioaren % 80tik gorako finantzaketa estaliko dute (% 100era arte), higiezinaren balioa hauetatik txikiena izanda: etxebizitzaren tasazio-balioa edo eskuratze-prezioa (higiezinaren erreferentziazko balioa)
Finantzaketa-eskaerak programari atxikitako finantza-entitatearen artean formalizatu beharko dira. Abala lortzeko prozedura interesdunek finantza-entitateari finantzaketa-eskaera aurkezteaz bat hasiko da. Entitateak interesdunei eskatuko die egiaztatzeko dekretuan ezartzen diren baldintzak eta betebeharrak betetzen dituztela; gainera, bertan zehazten diren agiriak aurkezteko eskatuko die, bai eta hipoteka-mailegua izapidetzeko behar dituen gainerako agiri guztiak ere.
Finantza-entitateak finantzaketa-eragiketa egitea edo ez egitea erabakiko du bere barruko prozeduren eta bankuen usadioen arabera, eta kontuan dauzkala programa arautzen duen dekretuan ezartzen diren helburua nahiz baldintza eta betebehar guztiak. FEIk ez du hartuko parte finantzaketa-eragiketak onartzeko edo ukatzeko prozeduran.
FEIren abala lortzeko, finantza-entitateak higiezinaren erreferentziazko balioaren % 80 edo gehiago estaltzen duen mailegua eman beharko du.
Abala hipoteka-maileguaren eskritura formalizatzen denean sartuko da indarrean.
FEIk ez du komisiorik aplikatuko abalak emateagatik. Abalak doakoak izango dira eskatzaileentzat, honako kasu honetan izan ezik: onuradunek baldintzaren bat ez betetzea.
FEIk gehienez ehun eta berrogeita lau milioi euro (144.000.000 €) emango ditu abaletan. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailak urteko zuzkidura bat bideratuko du, gerta litezkeen huts egiteak estaltzeko.
Interesdunek programari atxikitako erakundeei aurkeztu beharko dizkiete eskabideak.
Eskabideak aurkezteko epea 2029ko abenduaren 31n amaituko da, edo lerroaren zenbatekoa agortzen denean, egun baino lehen agortuz gero, eta eragiketak 2029ko abenduaren 31 baino lehen formalizatu beharko dira.

