Indartuz
Euskadiko proiektu eraldatzaileei zuzendutako finantzaketa.
FINANTZAKETA, ERALDAKETA, EUSKADI ERALDATUZ 2030
Helburua
Proiektu eraldatzaileak sustatzea, lehiakortasuna areagotzeko, enpresa-hazkundea, nazioartekotzea eta berrikuntza, trantsizio berdea, digitala eta soziala bultzatzeko, eta enplegua sortzen eta euskal enpresa-sarea indartzen laguntzeko.
Onuradunak
Egoitza fiskala edo ekoizpen-zentroa Euskadin duten ETEak eta enpresa handiak, bai eta hura lekualdatzeko edo lurraldean ekoizpen-zentro bat eratzeko konpromisoa hartzen dutenak ere. Era berean, Euskadin egoitza zuzenik izan ez arren, beren izaera estrategikoagatik edo lurraldean eragin positiboa izateagatik EAEko enpresa sarean eragin nabarmena duten enpresak edo proiektuak ere izan daitezke onuradun.
Baldintza nagusiak
- Egoitza fiskala edo ekoizpen-zentroa Euskadin izatea, edo hura bertara lekualdatzeko edo bertan eratzeko konpromisoa hartzea.
- Finantzaketa jaso ahal izango dute, halaber, aurreko baldintza betetzen ez duten eta Euskadin eragin positiboa duen eraldatze-proiektu bat duten enpresek.
- Proiektu eraldatzaile bat izatea, ekonomikoki eta teknikoki bideragarria, Euskadin egin beharrekoa.
- Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
- Onuraduna den pertsona fisiko edo juridiko pribatua "krisian dagoen enpresa" ez izatea.
- Konkurtso-deklaraziorik eskatu ez izana, prozeduraren batean kaudimengabetzat edo konkurtsoan deklaratuta ez egotea, kaudimengabezia kolektiboko prozeduraren batean ez egotea edo, hartzekodunek eskatuz gero, horretarako baldintzak ez betetzea.
- Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean ez izatea.
Zeintzuk dira proiektu hautagarriak?
Eraldatzailetzat hartzen diren proiektuak izango dira hautagarri, hau da, trantsizio hirukoitza (teknologiko-digitala, energetiko-ingurumenekoa edo demografiko-soziala) modu integral edo partzialean lantzen dutenak, eta hazkundea, nazioartekotzea, lehiakortasuna eta berrikuntza sustatzea bultzatzen dutenak. Euskadiko sektore estrategikoak eta Euskadi Eraldatuz 2030ean definitutako jardun-eremu eta -bertikalak lehentasuna izango dute.
Funtsean,
Eraldaketa energetiko-ekologikoa: enpresa-jardueraren ingurumen-inpaktua murriztera, baliabideen erabileraren eraginkortasuna hobetzera, deskarbonizazioan aurrera egitera eta ekonomia zirkularraren printzipioekin lerrokatzera bideratutako aldaketak. Barne:
- Energia-eraginkortasunerako eta energia berriztagarrietarako inbertsioak (energía berriztagarriak sortzea, energia egonkorra biltegiratzea, smart grid-ak, hidrogenoaren ekonomia, sorkuntza banatua, etab.).
- Prozesu kutsatzaileak edo karbono-intentsiboak ordeztea (azpiegitura, garraioa eta biltegiratzearen banaketa hobetzea).
- Lehengaien eta hondakinen kudeaketa iraunkorra.
- Ekonomia zirkularra sustatzea, berrerabilpenean, birziklatzean eta berrikuntzan oinarritutako proiektuekin, produktuen bizitza luzatzeko eta modu iraunkorrean balioa sortzeko.
Eraldaketa teknologiko-digitala: prozesuak, produktuak edo zerbitzuak digitalizatzeko, automatizatzeko, optimizatzeko edo berrasmatzeko aukera emango duten teknologia aurreratuak sartzea. Barne:
- Gaitzeko teknologiak erabiltzea (AA, IoT, blockchain, konputazio kuantikoa, robotika, mikroelektronika, erdieroaleak, etab.).
- Kudeaketa-, ekoizpen- eta merkaturatze-sistema digitalak integratzea (industria-digitalizazioa, automatizazioa, datu-zentroak, etab.).
- Soluzio teknologiko propioak garatzea edo plataforma berriak egokitzea.
Eraldaketa produktibo-industriala: Jarduera produktiboaren birkonfigurazioa, eskala, efizientzia edo dibertsifikazioa irabazteko, balio-katean duen posizioa hobetzeko edo merkatu berrietara sartzeko. Barne:
- Aldaketak ekoizpen- eta antolaketa-prozesuetan (manufaktura aurreratua, 5.0 industria, Smart Factory, etab.).
- Ekoizpen edo birlokalizazio industrialeko lerro berriak ezartzea (automobilgintzan: ibilgailu autonomoak eta konektatuak, etab.).
- Berrinbertsioa, ezagutzan edo teknologian intentsiboagoak diren industrietarantz aurrera egiteko.
Hazkunde-planak: beren dimentsio ekonomikoa, operatiboa edo estrategikoa modu iraunkorrean handitzeko planak dituzten enpresak, merkatuan duten posizioa sendotuz, balio erantsi handiagoa sortuz eta lehiatzeko gaitasuna handituz. Barne:
- Ekoizpen-ahalmena eta ahalmen operatiboa handitzea, ekoizpen-bolumena handitzeko, prozesuak automatizatzeko edo instalazioak hobetzeko ekintzen bidez.
- Produktuak, zerbitzuak edo merkatuak dibertsifikatzea, negozio-segmentu edo -lerro berrietan sartuz, egungo merkatu edo bezeroekiko mendekotasuna murriztuz.
- Hazkunde ez-organikoa eta hedapena, eskuratzeen, bat-egiteen edo aliantza estrategikoen bidez, honetarako aukera ematen dutenean: gaitasun berriak sartzeko, merkatu osagarrietara sartzeko edo lehia-posizionamendua irabazteko.
- Nazioartekotzea, enpresak kanpo-merkatuetan duen presentzia ireki eta sendotzeko prozesu baten bidez.
Finantzaketa-baldintzak
Proiektu eraldatzaileak finantzatuko dira, aukera malguak eta enpresen benetako profilera egokituak eskainiz, bereziki trantsizio digitalerako, jasangarritasunerako, hazkunderako, nazioartekotzeko, lehiakortasunerako eta berrikuntzarako funtsezko sektoreetan.
- Lerroaren muga: gehienez 200 milioi euro, eskariaren eta baliabideen erabilgarritasunaren arabera.
- Tresna: maileguak edo bermeak.
- Zenbatekoa: 1.000.000 € gutxienez. Proiektuaren ezaugarrien eta beharren arabera zehaztuko da.
- Epea: 10 urtera arte, eta gehienez 3 urteko gabealdia. Salbuespen gisa, epe luzeagoak eta amortizazio-baldintza malguagoak aztertu ahal izango dira.
- Interes-mota: Euriborrari dagokion tasa-aldakorra edo tasa finkoa.
- Bermeak: bermeak eskatu ahalko dira, inbertsio-proiektuaren bideragarritasuna, eskatzailearen kaudimena eta finantzaketaren ezaugarriak kontuan hartuta.
Finantzaketa-lerro hau Euskadi Eraldatuz 2030 inbertsio-planaren barruan kokatzen da, Eusko Jaurlaritzak Euskal Finantza Aliantzarekin duen 1.000 milioi euroko inbertsio-konpromisoa gauzatzeko.
Interesa duten enpresek FEIri aurkeztu beharko diote eskabidea, web-orrian adierazitako ohiko harreman-kanalen bidez. Eskabidea osatu ondoren, dagokion ebaluazioa egingo da, proiektuaren finantza-analisian eta bideragarritasunean oinarrituta.

